1.JARDUNALDIA ERRUGBI BARNERATZAILEA

0
Asteburu honetan Bultza Ligaren bigarren edizioa Martxan jarri da berriro ere. Bilboko “El Fango”n Universitario Bilbok eta Iruñak jokatu zuten eta Hernaniko “Landare Toki”n Hernanik eta Getxok; Gaztedi bigarren jardunaldian estreinatuko da.

Goiz goizetik, errugbi gogoz esnatu zen Hernani. Eguzkia, tenperatura ona eta hego haizea alde batetik eta bestera zebilela; errugbian aritzeko giro aparta!! Igela ere hantxe zegoen, Landareko bere gotorlekutik partida gogor eta ikusgarri bat ikusteko zain.

Harmaila pixkanaka jendez josi zen. Getxotik hurbildutakoek alde batetik, Hernaniarrek bestetik eta Gipuzkoako hertz ezberdinetatik inguratu ziren zaleek animoz eta txalo zaparradez jaso zituzten jokalarien korrikaldi, plakaje eta ahalegin guztiak.

Partidak bi alde izan zituen. Lehen zatian Hernani oso gogotsu atera zen. Baloiaren jabetza bereganatu zuen eta hau, alde batetik bestera mugitzen saiatu zen Getxoko defentsa ekidin nahian. Getxok ez zituen gauzak errazak jarri eta bere entsegu marra ederki babesteaz ez ezik, baloia berreskuratzen zuenean Stanisen korrikaldiak arazo larrietan sartu zituen hernaniarrak. Haatik, etxekoek behin eta berriro jardun zuten ahaleginetan eta Ibon, Unaxen, Lierni, Leire, Kerman eta enparauen barneraketek saria jaso zuten.

Bigarren zatia ildo beretik hasi zen. Hernaniarrek baloia bere alde zutela entsegu pare bat lortu zituzten. Baina hortik aurrera, getxoztarrak firme jarri eta jokaldiak bata bestearen atzetik lotuz joan ziren. Gaizkak zein Jonek korrikaldiak botatzen hasi ziren. Hauek entseguak lortzen hasi ziren heinean markagailua estutzen joan zen partidaren amaiera iritsi arte.

Epaileak partidaren amaiera adierazi bezain pronto bi taldeetako partaideak elkar besarkatzen hasi ziren. Harmailetako zaleak agurtu eta elkarrekin dantzatzen hasi ziren.

Jardunaldia borobiltzeko, bi taldeetako kideak sagardotegian bildu ziren. Txotx eta kroketen artean kontu kontari ibili ziren. Azkenik, hernaniarrek igelaren jabetza getxoztarrei bueltatu zieten, Faduran lasai-lasai deskantsatu dezan.

Share.

Comments are closed.