Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak Euro Basque Rugby Challenge (EBRC) aurkeztu dute, mugako bi aldeetako talde onenak biltzen dituen proiektu berria
-Bingen Zupiria sailburuak eta Euroeskualdeko jarduneko zuzendari Arola Urdangarinek aurkeztu dute Euskal Errugbi Liga honetako 1. Maila; beste bi kategoria ere izango ditu: emakumezkoena eta 2. Maila.
-
Bere aurreneko urte honetan, esperientzia pilotu gisa, ligaxka formatuan garatuko da abuztuaren 17tik irailaren 7ra, eta talde hauek parte hartuko dute: Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera.
Donostia, 2019/07/29
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak gaur aurkeztu dute Euro Basque Rugby Challenge (EBRC)-Euskal Errugbi Liga, mugaz gaindiko kirol txapelketa bat bi aldeetako taldeak bilduko dituena. Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi-federazioetako ordezkariekin batera eman dituzte ezagutzera Euskal Errugbi Liga honetako 1. Mailan parte hartuko duten zazpi taldeak. Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera arituko dira norgehiagoka lehiaketa honen lehenengo edizioan. EBRC-Euskal Errugbi Ligak, halaber, beste bi kategoria izango ditu: emakumezkoena eta 2. Maila. Donostiako Miramar Jauregian izan da proiektu honen aurkezpena, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Euroeskualdeko ordezkariak, federazio eta klubetakoekin batera. Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria; Iñaki Laskurain, Euskal Errugbi Federazioko presidentea, federazio horretako kide den Iñaki Ricarekin; eta Alain Fariscot, Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazioko presidentea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Euroeskualdearen bultzada ez ezik, EBRC-Euskal Errugbi Ligak hiru federazioen eta Nafarroako eta Akitania Berriko gobernuen babesa ere jaso du. Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera taldeetako ordezkariak ere izan dira Donostiako aurkezpenean. Zazpi talde horiek parte hartuko dute EBRC-Euskal Errugbi Liga honetako 1. Mailan. Honako jokalariak egon dira bere clubak ordezkatzen: Aitor Hourcade (Baionako espoir taldea), Urko Zumeta zarauztarra (Biarritzeko espoir taldea), Joubert Engelbrecht (Ordizia), Anartz Elosegi (Hernani), Aitor Lasa (Getxo) eta Anton Legorburu (Bera Bera).
Aurreneko urte honetan, abuztuaren 17tik irailaren 7ra antolatuko da lehiaketa, final nagusia, Ordiziako Altamirako estadioan izango delarik, eta Euskal Telebistak eskeiniko du.
-
Maila bi taldetan banatzen da, Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeak batuz.
A taldea:
-
Aviron Bayonnais
-
Hernani
-
Getxo
A taldean, Getxok eta Avironek abuzutuaren 17an jokatuko dute elkarrekin, eta Aviron-Hernani eta Hernani-Getxo partidak hilaren 24an eta 31an izango dira.
B taldea:
-
Biarritz Olympique-Pays Basque
-
Anglet
-
Ordizia
-
Bera Bera