shopping-bag 0
Items : 0
Subtotal : 0,00€
View Cart Check Out

Historia

Historia

Euskadiko Errugbi Federazioa 1985eko irailaren 23an fundatu zen. Hastapenak liluragarriak izan ziren, eta gaur egun, ilusio hori izugarri areagotu da, zailtasunak direla ere.
Urte hauetan zehar, Euskadiko Selekzioek lorpen garrantzitsuak eskuratu dituzte, bereziki gizonezkoen eta emakumezkoen Senior mailetan.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, Gazteen eta Kadeteen kategorietan egiten den lan bikaina, horiek ere lorpen garrantzitsuak eskuratu baitituzte, eta, horrez gain, Senior Selekzioak hornitzeko jokalari gazteen premia asebetetzen dute.

Gizonezkoak

Autonomia Txapelketetan, Euskadiko Senior Selekzioa garaile izan zen 1983-84*, 1984-85, 1993-94, 1995-96, 1996-97, 1997-98, 1998-99, 2002-03 eta 2008-09 denboraldietan. Irabazle izan zen, halaber, liga-sistemaren arabera lehiatu ziren edizioetan, 2003-04, 2004-05, 2005-06 eta 2006-07 denboraldietan gailendu zelarik. 11 garaipen horiek direla medio, titulu gehien lortu dituen selekzio autonomikoa da. Euskadiko Selekzioa azpi-txapeldun suertatu zen ere 1987-88, 1994-95, 2000-01 eta 2001-02 denboraldietan. 2000-01 denboraldian lorturiko bigarren postuak I. Europako Txapelketa Erregionalean parte hartzeko aukera ekarri zion, eta, horrela, lehenengo aldiz, Euskadiko selekzio batek nazioarteko txapelketa batean partzialki parte hartzeko abagunea izan zuen. 2001-02 denboraldian ere, Europako Txapelketa Erregionalean lehiatu zen hasieratik, eta, orduz geroztik, urtez urte txapelketa hori gauzatu zen artean.

Emakumezkoak

Emakumezko Selekzioaren lorpenak ere benetan aipagarriak izan dira. Lehenengo edizioan, 1994-95 denboraldian izan zena, hirugarren postu txalogarria lortu zuen, eta 2000-01 denboraldian, Selekzio Autonomikoen Lehiaketan txapeldun izan zen, Vitoria-Gasteizen leku hartu zuena. Titulu horiek berretsi egin zituen 2005-06 denboraldian, eta, horrez gain, liga-sistemaren bidez lehiatu ziren edizioetan gailendu egin zen 2006-07 eta 2007-08 denboraldietan, eta beste behin ere 2008-09 denboraldian. Garaipen horiez aparte, aipagarriak dira azpi-txapeldun izandako denboraldiak, 2002-03 eta 2003-04, hain zuzen ere.
Are nabarmenagoa da Espainiako Errugbi Selekzioari egiten dion ekarpena jokalarien mailari eta kopuruari dagokienez, Euskadiko harrobi paregabearen lekuko dena.

Gazteak

Gazteen eta Kadeteen Euskal Selekzioetako jokalarien kalitatea aipagarria da. Postu bikainak lortu izan dituzte Autonomia Txapelketetan, gure jokalariak haiek baino maila eta erdi gorago zeuden hautatuen aurka lehiatu izan direnean. Hala, Euskadiko Gazteen Selekzioa garaile izan zen 1984-85, 2006-07 eta 2007-08 denboraldietan, eta azpi-txapeldun, berriz, 1983-84, 1989-90, 1994-95, 2001-02 eta 2005-06 denboraldietan. Euskadiko Kadeteen Selekzioa, bere aldetik, 1984-85, 1987-88, 1988-89 eta 1998-99 denboraldietan irabazle izan zen, eta azpi-txapeldun 1983-84, 1989-90 eta 1990-91 denboraldietan.

Errugbi-7

Azkenengo urteotan, Errugbi-7 selekzioa bultzatzen ari da Federazioa. 2016ko Joko Olinpikoetan sartzeak modalitatea indarberritu du, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Bestalde, aukera paregabe bihurtu da Euskal Herriak selekzio gisa nazioartean parte hartzeko, eta hala egin du Pariseko eta Amsterdamgo txapelketetan.

Izan ere, Euskal Herria nazioartean ordezkatzea da Federazio honen helburuetako bat.